Oroimenaren ibilbideak

Oroimenaz ari garenean ez gara soilik ari iraganean gertatutako oroitzapen biolento eta traumatiko batzuez. Oroimen historikoaz ari garenean orainaldi bat definitzen dugu eta etorkizun bat jorratu, loturik baitago demokraziaren kalitateari, bake kultura heldu bati eta giza eskubide zintzo  batzuei. Oroimena askatasunaren baloreak bultzatzeko eta hedatzeko tresna bilakatu daiteke, eta  errespetua, eta tolerantzia, eta akordioa landu daitezke. Oroimenak mezu bat dakar bere baitan, sarraskiek utzitako minaren arrastoa agerian uzten du, gerrak  eta gerra ondorenak eraginiko oinazeaz ari zaigu, eta zehazki nortzuk bultzatu zituzten egoera injustu haiek. Zigorgabetasunari aurre  eginez, gertatutakoaren «egia» jakitera hurbiltzen gaitu Oroimenak. Gainera, Oroimenak, identitatea sendotzen du, memoria kolektiboa landu eta tranpetan dabiltzanak identifikatzen laguntzen du.

Oroimena era anitzetan transmititu daiteke: artxibategietan mantendutako dokumentuen bitartez, gertaerak bizi izan zituzten pertsonen esandakoak bilduz, familian kontatutako pasadizoak entzunez, irudi eta testigantzetan esandakoak jasoz, bideoak eginez… Baina Oroimena lekuen bitartez ere transmititu daiteke: gertakari garratz eta tragiko haiek (etorkizuna zeharo aldatu eta baldintzatu zuten gertakariak, hain zuzen) bizi izan  ziren leku zehatzak aztertuz, herritarrak fusilatu zituzten  lekuetan egonez, lur eman zieten hobien kokapena ezagutuz… Leku horiei buruz jaso dugun informazioaren bidez jakin dezakegu, esaterako,  gatibu lanetan errepideak egiten nola jardun zuten preso zituzten Errepublikaren aldeko herritarrek, zer-nolako bizi baldintzetan egon ziren, beren barrakoiak nolakoak ziren ikusi.  Asmo honekin txango batzuk landu ditugu, leku zehatz batzuk ezagutzeko, gertakari batzuk deskubritzeko, transmisioaren ariketa geldi ez dadin.

Ibilbideak